Monthly Archives: February 2012

Bostetako sesioan

Egutegiak Berriotxokoa ez den beste Balendinen eguna dela gogorarazten digun honetan, gaur zer ospaturik ez dutela uste duten haiek hartu nahi ditut nik gogoan. Bostetako sesiora joan beste erremediorik izaten ez duten zinemazaleetaz ari naiz.

solo_en_el_cine

Hamarretako sesiora inoiz bakarrik joan denak, lagunik gabe joan denak, alegia, badaki beso bat, hanka bat edo besterik gabe burua bera falta balitzaizu bezela begiratuko dizutela ilaran dauden gainerakoek. Bikoteentzako propio egindako emanaldia izaten da eguneko azkena. Txartel saltzaileak binaka saldu ditu ordura artekoak, eta horregatik zuk txartel bakarra behar duzula esandakoan, birritan galdetu dizu, ea ongi entzun ote duen, eta bakarra behar ote duzun. Krisketak erosterakoan, bi lagunentzako propio jarritako eskeintzak ezin probestu. Atea zabaldu biitartean, binaka eraikitako ilararen geometria apurtuko duzu. Eta behin eserlekuan eseri zarenean, alboko kideak zure parera iristerakoan eskuetan duen txarteltxoa begiratuko du, erratu dela pentsatuta, zure alboan berak eseri baino komunean behar duen beste batek beharko lukeela pentsatuta.

Hamarretakoa baino, zortziretakoa, arratsalde erdikoa aukeratzen baduzu, bikoitza izango da zaplaztekoa. Alboan duzun nerabe taldeak urduritzen zaituela ikusita, zahartzen ari zarela ohartuko zara. Gero eta pazientzi gutxiago duzula. Atzean utzi zenituela zorionez garai haiek. Baina erdi bidean geratu zarela. Ez taldean, ez binaka. Bakarka joan zarelako zu pelikula ikustera.

Horregatik euskara jatorrean zahar abizena behar izaten duten mutil eta neska zinemazale horiek, lehen emanaldia aukeratzen dute. Bestelakoa izaten da bostetako sesioaren erradiografia. Atzeko ilaran jarriz gero, ikusleen buruek eserlekuen itxasoan inolako geometria araurik gabe banatutako uhartexoak direla ohartuko zara. Baina horretaz ez zara jabetuko, pelikula hasi arte. Aretoa ilun geratu arte, alegia. Pelikula hasteko momentuan bertan sartzen direlako barrura. Lekurik egokiena zein izan daitekeen aukeratu baino, parean libre ikusten duten aurrenekoan eseriko dira. Hurrengo erronken berri ematen duten trailerretaz gozatzeko aukera baino, ilaran bizitzen denaren pareko tortura gerta daitekeelako eserlekuko itxaronaldia. Errematea. Edozeinek arrapa zaitzake bertan ere. Horregatik pelikula bukatu orduko, lehen letra agertzearekin batera ziztu bizian irtetea hoberena, lehendik ikusi ez zaituen horrek bukaeran ere ikusi ez zaitzan.

Jabetuko zinetenez, alboan lagunik ez duzunean, albokoen jarrera aztertzeko astia eta parada izaten duzu. Hori da, era berean, zure kontsolamendu bakarra: bakoitia bai, baina ez bakarra. Bada zu bezelakorik. Horregatik, hamarretako sesiora joateko moduan nagoen honetan, ez nituzke ahaztu nahi lotsa horiek gainditu eta kontuak kontu bere zinemazaletasunari eusten dioten ausart guzti horiek. Zorionak zuei!