Monthly Archives: November 2011

Basauritik Oionera, euskeraz

gaur egun

Atzo eguerdiko “Gaur Egun”-en ikusia. Basauriko metro geltoki berria dela eta, bertako erabiltzaileen iritziak bildu, eta guzti guztiak gazteleraz. Oiondik zetorren ondorengo albistea: bertako herritarrak orain arte Logroñora joaten zirela medikutara, baina Errioxako agintariek aukera hori moztu egin dietela. Basaurikoan ez bezela, Oiongo berrian euskeraz entzun genituen herritarren kexuak. Harrigarria egin zitzaidan bigarrena, eta kezkagarria lehena. Basauri eta Oion ez dira behar bada Euskal Herriko herri euskaldunenak izango, ados. Baina baten eta bestearen errealitate soziolinguistikoari erreparatuta, besterik ez bada biztanle kopurua handiagoa delako, Basaurin euskal hiztun gehiago izango dela uste dut Oionen baino. Bistakoa da, ordea, Araban izandako lankideak ez bezela, Bizkaiko herrira joandakoak behin erderazko testigantzak lortuta ez ziola denbora askorik eman euskerazkoak lortzeari. Ez bait dut uste euskal hiztunek fobia berezirik izango diotenik metroari, eta batez ere, gero Euskadi Irratiko albistegian euskeraz adierazi zutelako erabiltzaileek euren poza.

Ez dut lankiderik larrutu nahi, noski, baina uste dut autokritika serio bat egin beharrean gaudela. Seguru nago inork ez ziola erredakzioan errieta egin kazetariari, euskerazko lekukotzak behar luketen tokian erdera hutsezkoak zeudelako. Ados. Baina errezkeria, edo erosokeria, euskeraren etsai bihur daiteke. Batzuen ardurabekeriari besteon utzikeria gehitzen badiogu, ez dugu emaitza onik izango. Binomio kaxkarra. Euskerazko produktuak izaera propioa behar duela uste badugu, eta batez ere gureari errespetua badiogu, ekin diezaiogun egunerokoan, ladreilurik gabe, ezin osatuko bait dugu gure etxea.

SOS Navarra Directo

Gaurkoa coypaste lotsagabea duzue, baina badu bere arrazoia: “Navarra Directo” saioko lankide eta lagunei nire elkartasuna agertzeaz gain, haien eskakizunekin bat egin, eta behingoz Nafarroako euskalzaleen eskubidea bermatu eta ETB Nafarroan behar bezela ikusi dadin agintariek egin beharreko guztia egin dezaten eskatu. Eutsi goiari!

navarradirecto

“Euskal Irrati Telebistak bertan behera utziko du ETB2ko Navarra Directo saioa 2011. urte bukaeran. Nafarroan eta Nafarrorako egiten den saio bakarra da ETBn.1998 geroztik emititzen den saioa da Navarra Directo. ETBko saiorik zaharrenetakoa da, honenbestez. Ordezkari politikoen utzikeriagatik, komunikabide munduko 20 langile kalean geratuko dira. ETB TDTan ikusteko akordioak ez baitituzte bete. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak 2009an akordioa sinatu zuten arren, analogikoan emititzen den kate bakarra da ETB. Hitzarmen hartatik bi urte eta erdi pasa dira eta hitzartutakoa bete gabe dago oraindik. Nafarroako Legebiltzarrak hainbat aldiz jorratu du gaia eta parlamentarien gehiengoa TDTaren kaptazioaren alde agertu da, azkenekoz 2011ko urriaren 27an.

Kalean geldituko garen langileok honako hau exijitzen diegu arduradun politikoei: Nafarroan ETB ikusi nahi duten milaka nafarren eskubideak bermatzen dituen berehalako irtenbidea. Navarra Directo Nafarrorako deskonexioan emititzen den saioa da eta orain dela hamar urtetik Foru Erkidego osoko gizarte, kultura eta kirol gaiak jorratzen ditu. Gainera, urtero San Fermin jaietako giroa Euskal Herriko etxe guztietara eramaten duen ETBko saio bakarra da.

Urte hauetan milaka nafarren lan eta gizarte arazoei buruz hitzegin dugu, eta zoritxarrez, orain gu bihurtu gara notizia Nafarroa eta EAEko arduradun politikoen utzikeriagatik. Horregatik, gizarte eragile, komunikabide, sindikatu, erakunde, alderdi politiko, ikusentzule eta hamairu urte hauetan jarraitu gaituzten herritarrei babesa eskatzen diegu.”

Navarra Directoko langileak.

Gizarte sareetan babesa:

–       Twitter: @apoyoNDIRECTO

–       Facebook: Apoyo a Navarra Directo / Navarra Directo aurrera

Iturria itxi dio gobernuak euskerazko hedabideei

Laburra, gaurkoa. Ez bait dut tentazioan erori nahi. Esan nezake Barcinaren gainsoldatarekin konponduko genukeela gurea, edo Los Arcoseko zirkuituan diru galerak izango direla aitortu duten honetan, ez al zegoen diru hori beste inora bideratzerik. Baina ez, ez dut haien akats berdinik egingo. Xinplekeria bait da halako bidegabekeria arrazoitzeko erabiltzen duten argudioa. Ditxosozko krisia, jakina. Dirurik ez dagoela. Baina halakoetan gurean ongi dakigu zein den azaleko gastua, eta zein funtsezkoa. Jatekoan baino, kapritxoetan aurrezten dugu guk. Nafarroako Gobernuak aldiz argi utzi du beste behin zein diren bere lehentasunak: Euskeraz aritzen garen komunikabideoi bukatzear den urte honetarako aurrikusitako diru laguntzaren bigarren erdia, orain ordaindu beharrekoa, ez digu emango. Eta hori gutxi ez, eta datorren urterako, xoxa bakar bat bera ere ez omen du bideratuko euskera kontuetarako.

hedabideak2

Agindutakoa betetzea, gizalegezkoa da, baina batez ere norberari berea ematea, oinarrizkoa. Gizalegezkoa, eta oinarrizkoa. Zentzuak agindutakoa, baina zentzurik ezin eskatu, akaso, halakorik ez duenari. Berea maitatu baino gorrotu duenak, ez duelako ez bihotzik ez bururik. Baina batez ere, ez du hitzik. Ez duelako hitza bete, batetik, eta edozein aitzaki erabilita ere, nahikoa hitzik ez delako izango egiten ari diren bidegabekeria zuritzeko. Horren aurrean, hitzekin jarraituko dugu guk borrokan. Bihotzetik mingainera, eta mingainetik teklatura dihoazten hitzekin. Ez bait gara ixiliduko, edo ez genuke behintzat ixildu behar. Hamaikagarrena da, honez gero, azken makilkada, baina zoritxarrez, badakigu estalkia jarri eta aurrera egiten. Eta hori egingo dugu oraingoan ere.

Hogei bat urte badira gure bailarako aldizkaritxoan lanean hasi nintzela. Harez geroztik, makina bat ordu sartu izan ditut gure bulegotxo txikian lanean. Asteburu guztia hantxe, alea berria kalera atera zedin. Eta muxutruk, noski, ez bait genuen batere dirurik. Baina ez diot hau nire burua goratze aldera, ezta gutxiago ere. Ez bait da hain arritzekoa nire kasua. Zorionez asko eta asko gara proiektu honetan sinisten dugunok. Ehunka gara horixe bera egiten dugunok, hala sentitzen dugulako. Eta zaplaztekoak ematen dizkiguten honetan, guk oraindik ere muxu truk jarraituko dugu. Zaplaztekoak baino, muxuak nahiago ditugulako, eta debaldekoak badira, goxoagoak dira muxu horiek. Maitasunaren seinale. Gorrotoa besterik bihotzean ez duenak, ordea, ez du sekulan ulertuko maitasun horren indarra, eta hortxe aferaren gakoa. Eurentzat kalte…

Andre Maddalen

Hasi berria den hau Maddalenik gabeko aspaldiko bigarren kanpaina izango da, eta hauteskunde kanpaina ez da kanpaina Maddalenik gabe. Hori horrela da, nahiz eta batzuk ohartu ez. Edo ohartu badira, ez zaie axola, eta hori larriagoa litzateke. Ustez beto eta kutsadura kontuak atzean utzi ditugun honetan, kazetariak alboratuta. Egunotan jo ta su ariko diren lankideen lana ez dut gutxietsiko, noski, baina ulergaitza zait oraindik ere Iriarte anderea bertan izanda apustua nolatan den bestelakoa.

6260076978_4a7be708ca

Lehendakariaren antzera, bera ere kanpoan harrapatu zuen ETAren iragarpenak, baina Lopezen kasuan ez bezela, pixuzko arrazoiak izango zituen, seguru. Seguru bait nago penarik handiena berak hartu zuela. Hiruzpalau egunetara bueltatu, eta hori bai, irakasgai ederra eman zigun guztioi, kazetaritza irakasgaia, albistearen inguruan egin izan diren berezirik borobilenetakoa eskeiniz.

Pelota xamarra gertatzen ari zait gaurkoa, bai, eta ez naiz gainera alperrikako diximuloan ibiliko. Bakoitzari berea zor zaiolako, eta nagusiek aitortu nahi ez duten hori eta ikusleek hainbeste eskertzen duten hori azpimarratu nahi dudalako, egunerokoari azpimarra beste inork baino hobe egiten dionaren gorazarre.

Arriben harro-harro esaten dugu Maddalenen aita auzokoa dugula. Juan Gorritiren baimenarekin, bera dugulako herriko pertsonairik ospetsuena. Txiki-txikitatik pantailan ikusten nuen haren agindutara lan egitea egokitu zitzaidan bekadun izateari utzi eta soldatapeko langile bihurtu nintzenean. Gogoan dut oraindik ere lehen egunean bota zidan sekulako bronka hura. Jenioa ere baduelako Iriartek, eta ez gutxi. Baina hori bada bere izaeraren ezaugarri. Begiak txinatarrak baino bietnamitak omen diren horiek bezain bereizgarri. Men egiten dizutenak baino gustoko ez dituenaren amorragarri.  Baina errietak ez ezik, gogoan ditut haren aginduak. Gogoan dut nola sentiarazi zidan Iruñeko korrespontsalian ari nintzen hartan, Nafarroa Euskal Herriko azken probintzia baino, lehena zela. Erderazko albistegian hiruzpalau lerrotan aipatzen zen berri hura euskerazkoa zabaltzeko modukoa zela. Ez ziren ez kazetaritza lezio hutsak: Itoizko urtegira egindako bidai guzti haiek, euskeraren aurkako erasoak bistarazteko egindako ahalegin guzti haiek…

Eskerrak hori bai, azaroaren 20aren ondoren 21a etorriko denik. Eta biharamunean hantxe agertuko zaigu gure anderea, beti bezain dotore, beti bezain fin. Eta gu zain, irrikitan, baina ez izeiozue ezer aipatu, gure arteko sekretua bedi: ordura arte makillaje gelan gurutzatzen dudan aldiro, hantxe kuzkurtuko bait naiz ni, lotsa lotsa eginda, gorpuzkeraz bikoitza baino talentuz erdia baino ez naizenaz jakitun. Gaztetako errespetu berdinarekin, baina batez ere txikitako miresmen berarekin.