Uste ustelak

Ez dut opor gehiagorik sekulan hartuko! Zin dagit! Aukerarik ere izango ez duzulako, gaineratuko du azken albisteen jakitun den ezkorren batek. Hala izango da behar bada, baina bestela balitz ere, agintzen dizuet ez naizela inoiz gehiago oporretara joango.

Uda guztian opor aste bakarra nuela, eta ea zergatik ez nuen egun gehiagorik hartzen galdetu zidan lagun batek. Telebista ondoratu egingo delako ni gabe, erantzun nion txantxetan. Ederki beldurtu nintzen Kadiztik bueltan Deiak argitaratutako txosten ikusitakoan. Rappelen antzera, eguraldia ez ezik bestelakoak ere iragartzen hasia ote nintzen? Aspaldiko partez, zubi itxurako asteburu luzea hartu berri dut, eta gaur ongi etorria, Jaurlaritzaren murrizketen berriak.

Nire antzera hilabete bukaera nomina baino fakturaren ordaina jasotzen dugunok jakin badakigu ez garela gu estatistika horretan agertzen. Kaleratu beharreko lankideen zenbakian ez garela agertzen, txoritxoarenean aspaldian bi zenbaketa desberdin direlako. Eta bigarren horretan, autonomo dela, ekoiztetxeetako lankide dela, ohikoak dira kaleratze, kontrato amaiera eta halako kontuak.  Eta horrek arazoaren larria arindu baino, larritu ez du egiten.

Aitortuko dizuet aspaldian nuela buruan ETBren kapaina berriaren gainean zer edo zer idazteko asmoa. Baina beldur nintzen, azken gertakarien harira, nire ikerketak sekulako exklusiba bistaraziko zuelako. Kanpaina bizi eta koloretsuak izan ohi dira, auzokoarenean bezelaxe baita gurean ere, ikasturte berriaren iragarle. Aurtengoa, ordea, bereziki motela ez ezik, triste xamarra ere badela esango nuke. Saio berrien ordez (ba al da ba saio berririk?), pelikulen irudiak baino ez, musika lasai-lasaiaren laguntzaz. Eta hortxe piztu zen argi gorria, lankide batek aipatu zidanean “La lista de Schlindler” pelikulako soinu bandakoa zela uste zuela. Danger, danger! Warning, warning! Nazien garaiak berpiztera doaz! Burura etorri zitzaidan erehala Surio zuzendaritzara iristearekin batera, euskal itxurako aurkezle guztiak kaleratzeko asmoa zuenaren berria. Sareko kinieletan bakarren batek aipatu ere aipatu zuen eguraldi maparen aurrean agertzen zen Olentzeroren lehengusu itxurako hura izango zela kaleratzen lehena. Sudur-luze kuadrila gehientsuena lanean jarraitzen genuela ikusita, lasaitu nintzen handik gutxira, baina hara non, eta ikasturte berriarekin, Agirregomezkorta kalera! Honez gero Franck Dolosor, Hasier Etxeberria eta hirurok baino ez gara geratzen euskal-morrosko-peto-petoen lobbyan.

Nere biziraupena ez ezik hainbat lagunena kolokan zegoela ikusita, ikerketari ekin nion, eta hara: Kantua ez zen Spilberg-en pelikulakoa: Flandriako orkestrak “Cousins” pelikularako osatutako “Love theme”. Gure lapikoa azken aldian goxatzen duen bakarra sukaldea bera bait da. Hura nonbait amuleto. Baina hara non, maitasun kontua beharko lukeena, gorroto eta txikizio bihurtu zuen gure buruak. Eta hori, kantuaren aukeraketa baino esanguratsuagoa eta adierazgarriagoa bada, zuzendaritza berriak ez bait du marketingarekin asmatzen. Urre gorria berak ere txatarra eta txapa itxura hartuko luke, zelofanean bilduta ere. Etxean zaude, guztiona da etxea… horiek leloak azkenaldian, baina etxeko epelean goxo beharrean, pareten artean preso sentizen da asko eta asko. Horregatik akaso, maitasuna inoiz baino beharrezkoago. Horretarako ordea, begi berriak baino, beste zerbait behar dugunaren susmoa dut. Argi dago beraz, batzuenak zein besteenak, usteak, erdi ustel direla. Edo ustel, besterik gabe.

6 thoughts on “Uste ustelak

    1. Urko Post author

      Eskerrik asko, artista! Baina zureak ere ez dira batere makalak! Teleberrien pasarteak gogotsu irakurri nituen oso. Oroitzapen batzuk astinduarazi zizkidaten, nire lehen teleberrietakoak tartean… Garai hartako koordinatzailearen gainekoak ere idatziko ditut akaso inoiz, eta ez, lasai, ez da mehatxua… jeje

      Reply
  1. H. Etxeberria

    Eskerrik asko, Urko, euskal-morrosko-peto-petoen tarteko egiteagatik eta, batez ere, Frank eta heurekin lobby horretan onartzeagatik. Egoerari buruz zera, hodei beltzak zaudek zinez, eta zer esan ez zakiat, baina gaztea haiz eta lanean ona, eutsi goiari, beraz, zerbait izango duk eta. Badakik hura “jaioko dira berriak…”

    Reply
    1. Urko Post author

      Aupa Hasier! eskertzen diat zinez. Animorik ez diagu falta, ez, baina egia duk, laino beltz horien atzean eguzkia egunero ateratzen dukela jakinda ere, nahiko indarrik edo gogorik batzen ez diagula lortzen. Eta horretarako, “lobbya” handitu egin beharko genikek, eta susmoa hartuta neok, lehentasunak beste batzuk ditukelako akaso, edo besterik gabe, fronte gehiegi zeuzkeagun horrekin, guztietara ez gaitukela iristen… Eta aurretik zihoak hori bai, errezena iragarpena edo analisia egitea dukela, eta zailena akaso laino eta eguzki eta gainerakoen arteko antolamendua osatzea…

      Reply
  2. Xabier Euzkitze

    Schlindlerrek jendea salbatu egiten zian, Urko. Hor egon zitekek esperantzarako zirrikituren bat. Beste zerrenda batean sar hazatenean, aldiz, kirolerako nahi beste denbora izango duk -hire betiko ametsa!-, morrosko eta harrijasotzaile itxura galduko duk eta espainiako kate guztiak eskainka hasiko zaizkik. “Urco Aristi nos va a decir qué tiempo hará exactamente para la asamblea de Acorralados…” Hik pentsa ezak eurek pentsatzen dutena, duintasuna ez duela lanak ematen, haren ordainak baino. Eta oroi hadi, otoi, kirolerako denbora asko izango dugunoz…

    Reply
    1. Urko Post author

      Aurreko batean gimnasioan (bai, ikusten dukenez, hasita neok bada ez bada ere), andra batek botatakoa: hik bai pagotsa, urtean hilabete bakarra egiten duk lan! Argi zegok etb2n agertzen ez nauken bitartean ez diatela harentzat inolako lanik egiten… Eta susmoa hartuta neok, konpetentziko ikuskarientzat ere euskeraz ari gaitukenok nahiko ikustezin izango gaitukela, (etxean hala baldin bagaituk, kanpoan zer esanik ez), beraz beldur gutxi! Eta lanak ez dik duintasunik emango, ez, baina lan hori bera duintasunez eta gainera euskeraz egin ahal izatea, hori izan duk orain arte (eta aurrerantzean ere hala bedi!), ordainik hoberena, eta dotoretuta ere, inor gutxik eskeini ahalko zidak hori hemendik kanpo. Hire esku balego, dena den, hi ere oroi hadi gutaz, otoi… jeje

      Reply

Leave a Reply to Xabier Euzkitze Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *