Monthly Archives: October 2011

Pakearen izena… eta izana

palomaAitaren bizilaguna zen Joxean. Txikitan sarri entzun nituen haren gainekoak, baina Alacanten haren arrastoak topatu zituztenera arte kasik ez nintzen guztiaz jabetzeko gai. Mikelek zabaldu arazi zidan ikuspegia. Haren izena zerrenda beltzean agertu zenetik goizero nirekin gosaltzera etorri aurretik auto azpian begiratu behar izaten zuela esan zidanean lankideak, aitormen harek zaplaztekoaren pareko eragina izan zuen nire buruan. Ordura arte, nire inguruan, beste norabidekoak ziren kexuak. Iñaki lehengusua etxetik eraman zuten gau batean. Aske utzi zuten bi egunera, baina ez ziren nolanahiko bi egun izan. Ederki jipoitu zuten. Irene eta Jose Angelen gorpuzkin xehetuek patrolaren txatarrarekin nahastuta osatutako kollage makabroa burutik kentzerik ez dut lortu Sallenteko plazan ikusi nuenetik. Beste patrol batean eraman zituzten Jontxu, Mikel eta Gallur, gure herria patrolez josi zuen eta gero ezertan geratzen ez den sarekada horietako batean. Amona Inaxik ez zuen lo xamurrik izan hiruzpalau egunetan, beldurra eta aspaldiko mamua berpiztuak gorputzean sartuta zituela. Franciscoren hiletan terrorista deitu ninduten, Aizoaingo koartelera haren hilketaren berri ematera joan nintzenean. Harro sentiarazi zidaten aldiz, Madrilgo euripean amesgaiztotik atera berritan Martxelok isuritako malkoek. Malkoek eta adoreak, noski. Haren lantokia inolako erru eta lotsarik gabe itxi zutenak izango dira, seguraski, haren adierazpenak entzun eta hunkitu gabe geratzeko gai diren bakarrak. Barruan zegoen Beltzarekin maiteminduta, ziegako harresiak maitasuna hoztu baino benetakotu egiten duela erakutsi zidan Amaia lehengusuak. Maitasunaren indarra, San Mames bera dardarka jarri eta lantokiko lehioak lehertarazi zituen bonbarik indartsuenaren parekoa dela, alegia. Ostegun gaua, lana tarteko, Gorka eta Patxirekin eman nuen. Bostekoa baino, hirukoa eman zidan Gorkak, gainean lehertutako bonbak lapurtutako bi hatzen faltan. Albistea jaso orduko alabak emandako besarkada gogoan zuela, malko potoloa isuri zuen haren begi kaltetuak. Poz malkoak ziren behingoz. Harekin topa egin eta gero, Patxirengana jo genuen. Herri berdinean zinegotzi da bera. Eskoltarik gabe etorri zen oraingoan, baina  Gorkak berotutako gorputzaldia hoztu egin zuen harek. Ez da fido.

Joxean, Mikel, Iñaki, Irene, Jose Angel, Jontxu, Mikel, Gallur, Francisco, Martxelo, Beltza, Amaia, Gorka, Patxi… Izen guzti hauek izan ditut gogoan bi egunotan, eta baita kezka bat ere: Nola azaldu Patxiri, boloz bolo dabilen hitz horrek, izena ez ezik, izana ere baduela? Argi dago orain arte, arto aleak txar/on banatzen ditugun bezela, zerrenda horretako izenak ere txintxo edo gaizto, lagun edo etsai banatzen genituela. Distantzia geografiko, eta distantzia politikoa, distantzia emozional bihurtzen genituen, izenaren osotasunari baino, hizkiari erreparatuz. Hizki multzoari. Siglak berak banatzen dituzten puntuak pareta bihurtuz. Harresi. Artaburuari baino, aleari begiratuz. Bai, badira bestelako artaburuak ere, bateko zein besteko. Haiek alde batera utzita, soroari erreparatuta, buru eta ale guztiak kontutan hartuta, orduantxe erakutsiko dugu, eta ikasiko dugu, bakeak izenetik bezainbeste baduela izanetik.

Zatoz kafea hartzera, Patxi!

New Yorketik bueltatzen denean, etxera gonbidatuko dut Patxi. Albertorekin batera etor dadila, nahi izanez gero. Kafea hartzera gonbidatuko ditut, eta ez, ez dut txiste txarrik egingo hemen kafeari jartzen diogun beste izenarekin, hori publizitatea litzatekeelako. Kafera gonbidatuko dut, etxeko egongelan esertzeko aitzakia izango delako. Telebistaren parean jartzeko.

 canalvasco

 

Aurren-aurrena bidaia nola egin duen galdetuko diot. Lizartza eta Arribe artean desberdintasunik topatu al duen galdetuko diot, ez al duen eguraldi bera egiten mugaren alde batean zein bestean. Kexua disimulatuta geratuko da, hartara, eguraldiarena elkarrizketa zailei ekiteko trikimailu egokia izaten dela badakielako harek. Kafearekin batera pasta goxo-goxoak ere eskeiniko dizkiet gero.Eskerrak emango dizkiet hartara. Eskerrak, Estatu Batuetako bidaian aurkeztu berri duten akordioari esker nire aitonaren osaben osabek Canal Vascon ikusi ahalko nautelako. Kafea azukrez gozatu eta gero, orduan azalduko diet gonbitaren benetako helburua.

 

Telebista piztu, eta zappinga egiten hasiko naiz. Behin LTDaren kate guztiekin bukatuta, botoitxoari eman, eta analogikoan jarriko dut telebista. Argi geratuko zaie hartara nire aitonaren osaben osabek ez bezela, nire amak semea ikusi nahi duenean, begiak pantailan utzi behar izaten dituela. Elur maluten modukoek betetzen dute pantaila gurean, ETBren botoia sakatzen dugun aldioro. Nire amak ez duela semea itxuroso ote dagoen ganoraz ikusterik. Anai aberatsenera jauzi egin, eta ETB2koa ere jarriko nieke, baina ezin: Hilabete batzuk badira gure bailaran bateonbati bururatu zitzaiola asteburuko pilota partiduak Nitron ematen zituztenez, txoritxo erdaldunak beharko lukeen frekuentzian Nitro jarri behar zela. Lehentasun kontua, nonbait. Pilota nagusi, eta hortxe gakoa: pilota. Asko dira Nafarroako Gobernuak bere garaian ETB analogikoan mantendu bazuen, pilota partiduak ezin ikusteak soraraziko lukeen iraultzaren beldur zelako izan zela. Eta harez geroztik, hortxe ari dira, 22rako partiduan, gobernu nafarra bera eta jaurlaritza. Ez batek ez besteak ez omen du ordaindu nahi. Markagiailuan beraz, husna. Ez gorri ez urdin. Zuri, pantailako elur maluten zuri bera. Iparraldeko afera konponduta, poztu ere poztu ginen, iparreko auokoengatik batetik, baina baita Nafarroako konponbidea gerturatzen zuela uste genuelako: bi estatu desberdinak tartean egonda posible bazen, nola ez ba estatu bakar baten barruko bi erkidegoren artean! Eta orain berriz, Ameriketan lehenago, Euskal Herrian bertan baino…

 

Arriberako bisita amaitzeko, pasiora gonbidatu eta Elosta mendira igoko ditut. Tontorrean dagoen errepetidore zaharra erakutsiko diet. Arkeologia museo batean beharko lukeenak lanean nola segitzen duen ikustearekin batera, burdin guzti hura erosteko gure herrian zer nolako lanak hartu zituzten azalduko diet hartara. Nola txiki-txiki nintzela, gurasoek eta auzokoek kontzertuak eta zozketak antolatu behar izan zituzten, ETB gurera ekartzeak zekartzan gastuei aurre egiteko. Hartara, errepetidore zaharra ordezkatuko duen tramankulu berria nola ordaindu bururatuko zaie. Eta denbora gutxiren buruan Arribera itzultzeko aitzakia izango dute. Olatz Arrietak baino, nik neronek egingo diet kronika. Hantxe agertuko gara guztiok kontent kontent, zer nolako aurrerapausua egin dugun azpimarratuz. Yankeelandiara egindako bidaia errepikatu ahalko dute, alegia, hain hurrutira joan gabe…

Potorik gabeko bertsoa

Poto bakar bat bera ere ez du egin Altunak! Eta egin badu, nik behintzat, ez diot atzeman.. Ze bertsozale porrokatua behar du askotan batek halakoak arrapatzeko, eta aitortuko dut, ez naizela ni fauna horretakoa. “Hitzetik Hortzera”k traumatizatutakoen klubekoa nauzue. Igande eguerdiro gure aitak ixilarazi egiten gintuen, telebistako bertsoak entzun behar zirelako. Hori gutxi ez, eta umetan, eskolara joan, eta bertan euskerako irakasleak ere lehendik ikusia nuen saio oso-osorik jarri ohi zigun. Nerabezarora iritsitakoan, festondorako ez zen batere bidelagun aproposa altu-altu jarritako telebista saioa. Hortxe apurtu zen gure harremana. ETB-3ra jauzi egin, eta gaztetu eta modernizatzearekin batera, berradiskidetu egin ginen apur bat, bai, egia da, baina euskaldun-peto-prototipikoaren rankingean puntuak galaraziko badizkit ere, aitortuko dizuet hiruzpalau bertsoko saiotxo bat gustagarri dudala, baina zaila egiten zaidala finaleko egun osoko jarduna jarraitzea.

Ikusmina sorarazia zidan,  halere, aspaldian Bertsolari filmak. Eta ikusmina asetu ez ezik, asebete ere egin nau. Lau laguneko kuadrila joan ginen zinemara. Bertsozale porrokatua bata, bertsoak neurrian gogoko dituena bestea (ni neroni, alegia), bertsolaritzaz ezer gutxi zekien euskaldun berria, eta bertso mundua guztiz arrotza zitzaion erdalduna. Experimentu polita, oharkabean antolatu genuena. Bertsoaren azken errimarekin batera iritsi zen ezustekoa, aretokoa argiak piztu, eta alboko lagunak malkoa garbituz ikusi nituenean. Bilboko aurrestreinaldia zen, eta zuzendaria eta Maialen Lujanbio ziren bertan (lehendik ere miresgarria iruditu bazait txapelduna, filma ikusita bai iruditzen zaidala txapela kentzeko modukoa neska…).  Txalo zartaren ostean, Anak hartu zuen hitza, alegia, euskeraz apur bat baino ez dakiena, euskaldunez inguratuta bizi izan dena, bertsolariak izan bazirela bazekiena, baina guztiz arrotza zena. Eserlekutik altxa, eta eskerrak eman zizkion zuzendariari. Eskerrak mundo ezezagun hori bistarazteagatik. Eskerrak zaplaztekoarengatik. Zaplaztekoaren pareko gertatu bait zitzaion ordubete inguruko ikuskizun hori. Ondorengo kafean ere ulertu ezinik zegoen nolatan ez zen sekulan jabetu ETB-1en hainbestetan ikusitako jardun horren atzean zer izkutatzen zen. Erdaldunak ere ez zuen asmatzen barruko nahasmena hitzez azaltzen, ez zen bertsolari, alegia. Azpitituluak irakurrita ere, ikuskari ederra iruditu zitzaiolako, mimoz eta sentsibilitatez betea. Eta sekulakoa iruditzen zitzaiolako gau hartan deskubritutakoa.  Beste bi euskaldunoi egokitu zitzaigun azalpenak ematea, hainbat ertz argitzea, baina saiatuta ere, ez genuke sekulan Altunak bezain ederki azaltzerik lortuko.

BECeko finaletik abiatuta, bertso on orok bezela (hori ikasi ere ikasi genuen), amaieratik abiatu eta atzeraka egiten du lanak. Lekuko aldaketak gainera, sekulako mesede egin zion lanari, klimaxa azpimarratu baino ez bait du egin. Egaña eta Lujanbioren antzera, atzeraka dabil filma. Farregarri xamar batzuetan, sakon besteetan. Hondartza hitzez ez ezik, isiltasunez ere betetzen du. Isiltasuna… isiltasunaren laztasuna nola islatu hitzezkoa behar duen lan batean? Hortxe erantzuna… Bertsolari! Errimaz jositako margarita baino, margaritaz beteriko lorategia. Oholtza gainekoa aulkitakoei azaltzen diena. Baina itsasoko uretan hurrundu baino, zubian gerturatzen dena. Aldazko amildegian Miren Amuriza (neska honen indarra ere bada beste baterako moduko mintzagaia) bezain trebe mugitzen dena. Bertsorik onena bezain borobila!

PD.: Konpetentzikoa izanda ere, horra La Sexta kateak filmaren gainean egindako erreportaia, adierazgarria gerta bait daiteke halako batean bertsolaritzaz aritzea.

http://www.lasextanoticias.com/videos/ver/la_magia_del_bertsolari/497233


Uste ustelak

Ez dut opor gehiagorik sekulan hartuko! Zin dagit! Aukerarik ere izango ez duzulako, gaineratuko du azken albisteen jakitun den ezkorren batek. Hala izango da behar bada, baina bestela balitz ere, agintzen dizuet ez naizela inoiz gehiago oporretara joango.

Uda guztian opor aste bakarra nuela, eta ea zergatik ez nuen egun gehiagorik hartzen galdetu zidan lagun batek. Telebista ondoratu egingo delako ni gabe, erantzun nion txantxetan. Ederki beldurtu nintzen Kadiztik bueltan Deiak argitaratutako txosten ikusitakoan. Rappelen antzera, eguraldia ez ezik bestelakoak ere iragartzen hasia ote nintzen? Aspaldiko partez, zubi itxurako asteburu luzea hartu berri dut, eta gaur ongi etorria, Jaurlaritzaren murrizketen berriak.

Nire antzera hilabete bukaera nomina baino fakturaren ordaina jasotzen dugunok jakin badakigu ez garela gu estatistika horretan agertzen. Kaleratu beharreko lankideen zenbakian ez garela agertzen, txoritxoarenean aspaldian bi zenbaketa desberdin direlako. Eta bigarren horretan, autonomo dela, ekoiztetxeetako lankide dela, ohikoak dira kaleratze, kontrato amaiera eta halako kontuak.  Eta horrek arazoaren larria arindu baino, larritu ez du egiten.

Aitortuko dizuet aspaldian nuela buruan ETBren kapaina berriaren gainean zer edo zer idazteko asmoa. Baina beldur nintzen, azken gertakarien harira, nire ikerketak sekulako exklusiba bistaraziko zuelako. Kanpaina bizi eta koloretsuak izan ohi dira, auzokoarenean bezelaxe baita gurean ere, ikasturte berriaren iragarle. Aurtengoa, ordea, bereziki motela ez ezik, triste xamarra ere badela esango nuke. Saio berrien ordez (ba al da ba saio berririk?), pelikulen irudiak baino ez, musika lasai-lasaiaren laguntzaz. Eta hortxe piztu zen argi gorria, lankide batek aipatu zidanean “La lista de Schlindler” pelikulako soinu bandakoa zela uste zuela. Danger, danger! Warning, warning! Nazien garaiak berpiztera doaz! Burura etorri zitzaidan erehala Surio zuzendaritzara iristearekin batera, euskal itxurako aurkezle guztiak kaleratzeko asmoa zuenaren berria. Sareko kinieletan bakarren batek aipatu ere aipatu zuen eguraldi maparen aurrean agertzen zen Olentzeroren lehengusu itxurako hura izango zela kaleratzen lehena. Sudur-luze kuadrila gehientsuena lanean jarraitzen genuela ikusita, lasaitu nintzen handik gutxira, baina hara non, eta ikasturte berriarekin, Agirregomezkorta kalera! Honez gero Franck Dolosor, Hasier Etxeberria eta hirurok baino ez gara geratzen euskal-morrosko-peto-petoen lobbyan.

Nere biziraupena ez ezik hainbat lagunena kolokan zegoela ikusita, ikerketari ekin nion, eta hara: Kantua ez zen Spilberg-en pelikulakoa: Flandriako orkestrak “Cousins” pelikularako osatutako “Love theme”. Gure lapikoa azken aldian goxatzen duen bakarra sukaldea bera bait da. Hura nonbait amuleto. Baina hara non, maitasun kontua beharko lukeena, gorroto eta txikizio bihurtu zuen gure buruak. Eta hori, kantuaren aukeraketa baino esanguratsuagoa eta adierazgarriagoa bada, zuzendaritza berriak ez bait du marketingarekin asmatzen. Urre gorria berak ere txatarra eta txapa itxura hartuko luke, zelofanean bilduta ere. Etxean zaude, guztiona da etxea… horiek leloak azkenaldian, baina etxeko epelean goxo beharrean, pareten artean preso sentizen da asko eta asko. Horregatik akaso, maitasuna inoiz baino beharrezkoago. Horretarako ordea, begi berriak baino, beste zerbait behar dugunaren susmoa dut. Argi dago beraz, batzuenak zein besteenak, usteak, erdi ustel direla. Edo ustel, besterik gabe.

Lehoi gaixoak…

Argi dago ez dagoela zertan “El arbol de la vida” bezain sakona izan zure mezua jendeari helarazteko. Irudi eta musikaz eginiko montajea baino eraginkorragoa gerta daiteke irrifarra bera. Irrifarra izango bait duzu ahotan, kankailu honi kasu egin eta “Four lions” ikustera inguratzen bazara. Ez behar bada farre algara, baina bai irrifarra. Algara bera baino finagoa delako irri lotsatiak ezpainetan zirriborratzen duen marra.

Parrearen eta malkoaren arteko muga bezain fina. Eta marra horretan, muga horretan dantzan dabil Chris Morris zuzendari britainiarraren lan hau. Parodia da, noski, parodiaz jantzitako kritika. Zorrotza. Monty Pythonen “La vida de Brian”en bertsio eguneratua, behar bada. Atentatu bat prestatzeko lanetan dabiltz lau pakistandar. Zein baino zein kankailuago, zein baino zein baldarrago. Ikusleak berak berehala atzemango du zein den zein. Aktore bakoitzaren tokian jartzeko hainbat pertsonai, agintari eta herrialderen izenak bururatuko zaizkio. Pelikula hoberenen modura, alderaketak azpimarratu gabe, bestela ere nabarmenak direlako. Merezi du, zinez. Konplizidadeak tarteka sortutako irritxo horrek erredun sentiaraziko zaitu bukaeran, errudunak baino, erruak eta erruen muinak salatzen dituen “zoologiko” xelebre honetan. Lehoiak katakumetik asko duela, eta lehoi izatera jolastu nahi duen katakumea zapaltzeko prest dagoen arkume itxurako sasi-txakur asko dagoelako… Arkumea, ai arkume gaixoa…. (spoilerrik ez dut jarriko, laai, ez naiz hain gaiztoa izango… ikusi, eta ulertuko duzu….).