“El Cairo 678”

Zinemaldiaren enpatxoak kalte kolateralik izango du. Donostira inguratzen den zinezalea “El cairo 678” pelikula ikustera joango litzatekeen berbera izango delako.  Eta festibaleko ajea bukatzen denerako, ordurako ez da pelikula egipziarra gure karteldegian izango. Eguraldian ez bezela, hobe iragarpen honetan kale egingo banu!

El Cairo zeharkatzen duen autobusa da 678 zenbakiduna. Horixe bera hartu behar izaten du protagonistak egunero. Baina beldur dio autobusari. Edo hobe esan, autobus hori lepo betetzen duten gizonen beldur da. Anabasa probestuta, burutik hankaraino estalita doan emakumeari esku sartzeko probesten dutelako gizon izena merezi ez duten hainbatek. Erasoa. Mozorrotutako jazarpena. Baina erasoa, azken finean. Sexu erasoa. Eta sexuala den einean, emakumeak ezin salatu, haren ohorea ez ezik etxekoena ere jokuan delako. Mendekuarena beste biderik ez zaio geratuko emakume gaixoari, eta horretarako, beloari eusteko erabiltzen duen jostorrotza izango du arma bakarra. Opresio batek ezarritakoa, beste opresioari aurre egiteko. Hiriaren beste puntan, beste emakume bat. Kale erdian erasotu duen gizona zigortu arteko bidean amore eman asmo ez duena. Huraxe bihurtuko da, Egipton halako kasu bat salatzeko ausardia izan duen lehen emakumea. Albiste bihurtu da herrialdean. Bestelako presioa izango du harek: salaketa bertan behera utzi arteko pakerik ez du izango. Bi bide, jomuga bera, eta batez ere, sorburu berbera: gizon zenbaiten ankerkeria, eta haien sasi-gaintasunak sortutako giro itolarria. Jendez lepo dagoen autobusa bera baino itogarriagoa.

Protagonistetako baten gelan, bada “The silence of the lambs” pelikularen afitxa bat. Hopkinsen moduko haragijale asko topatuko dituzte emakume hauek hiriko karriketan. Hauek ere arkume larruz mozorrotutako otsoak.  Lecterren kasuan ez bezela, ordea, egipziar hauek gizartearen beraren babesa jasotzen dute. Eta babes hori dute helduleku, euren ahuldadea mozorrotzeko. Denak ez dira berdinak, zorionez. Laguntzarik ere izango dute euren borrokaren bidean emakume hauek. Bide hori, ordea, autobusez baino, oinez egin beharrekoa gertatuko da. Urratsez urrats. Eurek emandako urrats horrek, lehen urrats horrek, zer edo zer aldarazi zuen behintzat. Ez dugu gehiagorik argituko, pelikularen bukaera izurratzearena ez bait da gizalegezkoa izaten.  Eta 678. autobusean gertatzen dena are gutxiago!

1 thought on ““El Cairo 678”

  1. Pedro

    Gogorra benetan herrialde hauetako emakumeen bizitza. Gogorra zein interesgarria iruditzen zait film hau, ea ikusten dudan, mila esker Urko!.

    Besarkada bat.

    Reply

Leave a Reply to Pedro Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *