Daily Archives: 2 August, 2011

Futbolari gola

Ez naiz batere futbolzale. Ez dut ulertzen, ez futbolaz, ez futbolak sorarazten duen zurrunbilo guztiaz. Final handien egunetan zinemako bakardadean babesten den arraro horietakoa naiz. Gaur Eguneko kirol tartea iritsi orduko zapping-a egiten dutenetakoa. Gimnasioko aldageletan eguraldiz hitz egiten duenetakoa, asteburuko partiduaren errepasoa iritsitakoan esatekorik ez dudala jakinda. Tabernan zain nagoela Marca esku artean sekulan hartu ez duenetakoa. Eta bai, eskolan, soinketa klasean, taldeka banatzerakoan, azkenera arte inork aukeratu gabe geratzen zen ume baldar horietakoa. Inoiz bateonbatek azterketa egin beharko luke munduan izandako psikopata, ero eta petralen artean, zenbat eta zenbat ez ote diren trebe eta baldarren arteko bereizketa horretan kapitainek azkenera artea aukeratzen ez zituztenekoak. Horregatik behar bada, edo besterik gabe, oraindik ere badudalako belaunaldi berrietan zaharretan baina fede gehiagorik, ikaragarri gustatu zait esku artera iritsi zaidan bideotxo hau. Eta horregatik lan honekin estreinatu nahi dut, toki ospeletik argitara, itzalpetik eguzkitara, eguterara ekartzea merezi dutenen zerrenda. Bejondeiela!

L´equip petit

Luze – motz

Joan den ostirala. 20:00. A-8 rally-bidea hartuta, herrirako bidean. Iristeko irrikan. Nekatuta, merezitako atsedenaren bila. Bederatzi egun gehiegi dira segidan lan egiteko. Gutxi, dio Usabiagak, berak Tourrarekin berrogei eman behar izan dituela eta. Batzuentzat luze dena, besteentzat motz. Zarauzko ordainlekuaren parean hasi eta Arrokora arteko auto ilarak daudela diote irratian. Hamaika bat kilometro. Noski, egutegia datorkit burura: uztailak eta abuztuak bat egiten dutenekoa da asteburu hau. Matrikulen koloreari erreparatu diot. Horiak, zuriak, urdinak… Asfaltoan, kromatismoa, gasolindegiko dendan, aldiz, Babelko dorre txikitxoa. Zeinen ongi ulertzen ditudan momentu horretan nire ingurukoak: Urte luze baten ostean motz egin zaie sorterrian emandako hilabetetxoa badatozenei, eta badoazenei aldiz, nahi baino luzeagoa egingo zaie jaiolekura arteko bidea. Barruan dudan etorkintxoa azaleratu da orduantxe: Bizkaian extraditutako nafarra naiz, edo hobe esan, Nafarroako erdialdetik kanpokaldera, mendebaldera joandako herritarra. Bihotza eta buruaren arteko aldea, ordu t´erdikoa. Ordu luzeetakoa, aldiz, saltzailearekin ulertuezinik dagoenarentzat.

Bertakoa langileak berak eman dit konponbidea: Arroan atera eta kostaldeko errepidea hartuz gero, Zarautzeraino ilararik gabe. Presa handirik ez dut, beranduxeago iritsita ere Arribe hantxe izango da, betiko tokian, Malloen gerizpean, baina ordu luzez ttarra-ttarra orduko 20 kilometrokoa baino abiadura motelagoan ibili beharko dudala jakiteak urduri jartzen nau. Emakumeari kasu egin diot azkenean, eta ez naiz damutu. Uztaila guztian jarri ez dugun giro ederra dugu, eta Kantauri itxasoa harro-harro dabil, guztiak ere begira dituela jakitun. Lehorrekoa naizelako behar bada, baina ño, zeinen gogoko dudan bide hori! Azkar iritsi behar horrekin maizegi galdu dut gozatu hori, eta egia esan, kurbetan eta bide bakarreko errepidean eman nahi ez ditudan minutu horiek berak ere behar ditut gero inoiz amaitzen ez diren autobideko obretan.