Monthly Archives: August 2011

Eskerrik asko, Uxue!

Iurretako egoitza zaharrean bekadun hasi berria nintzen. Ikasleak ETBn izaten dituen lehen lanak, trafikoa eta eguraldiaren gainekoak izaten dira, baina asteburuetan aritzeak hori zuen: bestelako lanetan ere hasi beharra zegoela, jende askorik ez bait da izaten.. Nazioarteko gaia egokitu zitzaidan egun hartan. Gogoan dut. Albistegia bukatu orduko, editore berriak bere mahaira deitu ninduen. Hantxe joan nintzen ni kaka eginda, gainera zetorkidan bronkaren beldur. Serio serio emakumeak: “Nork esan dizu irudi horrekin hasteko zure bideoa?”. Nik, aldiz, “Inork ez. Neronek”. “Zorionak ba, oso ongi”. Errietarik gogorrena botatzen duenaren zorroztasunez zoriondu zidan egun hartakoa Uxuek.

uxue

Gogoan dut munduan barrena eten gabe hasten diren gerra horietako baten gaineko albistea zela. Txalogarri iruditu zitzaizkion irudiak, kanpamenduan xakean ari ziren soldadu batzuenak ziren. “Halakori dagokio fitxa mugitzea”. Halaxe hasi nuen nire lehen bideoetakoa zen hura. Geroztik askotan akordatu naiz hartaz. Miresten duzun haren aurrean, beti zarelako txiki. Eta gogor itxura ez ezik, gogorra izatearen ospea zuenarengandik ez nuelako xamurtasunik jaso, egia da. Ikasi berriz, dexente. Zorroztasun horri esker, akaso. Harez geroztik, maiz ikusi dut Uxue gaur txalotu duten legebiltzakideei bekadun gazteari botatako errieta bera botatzen. Sarritan ikusi dut Nabai barruko liskarrei zorroztasun berarekin aurre egiten. Xake taula berrian, aurrekoan bezain fin. Jakin izan du, erreginaren antzera, aldian aldian mugimendu bat edo beste aukeratzen, erregearengainaino heltzeko. Nafarroako taulak, laukitxo zuri edo beltzak ezik, grisak ere badituela erakutsi die hainbati. Erregezale diren beste nafarrak urduri jarri izan ditu, eta endroke xelebreak egitera behartu. Mugimendu bakoitza behar bezela pentsatuta. Hausnartuta.

Gaur, aldiz, peoak ekarri ditu gogora Uxuek, parlamentura itzuli denean jaso dituen txaloak haiekin partekatuz. Tamalez asko dira peoiak, gehiegi, Uxuren antzera zapiaren beharrean aurkitzen direnak. Gehiegi dira Uxueren aurpegi puztuaren markak ispiluan egunero ikusi behar izaten dituztenak. Gertutik dakit horren berri. Azken urtean Barkos anderea ikusi dudan aldiro etorri zait besteren baten aurpegia. Hari aipatzerik ez dut, tamalez, zenbat hunkitu nauen gaur Uxueren agurrak. Bidean geratu direnak gehiegi direlako, borrokan ari direnak bezainbeste. Baina nire jefa ohiaren adore bera erakutsita baino ez dugu lortuko gaitzari jake mate egiten. Gaur loreak zuri, Uxue, eta orduan urduri, ahotsak dar dar egiten zidala esandako bera esango dizut… Eskerrik asko !

ETAren aldeko segapotoa

Aste Nagusia amaitu den honetan, lasai aski aipa dezaket… Behar bada ez, ez bait naiz Entzutegi Nazionaleko itzultzaileetaz gehiegi fido.. Baina bota beharra daukat, bestela ez bait naiz lasai geratuko: nire segapotoa ETAren aldekoa da.

txozna

Mezu bat idazterakoan, esaldi baten bi zati “eta” batez elkartu nahi ditudan aldiro, telefonoak berak hizki larriz idazten du, organization-en siglak mezura ekarriz. Ez du besterik onartzen. Hizki larriz idazten du berez hizki txikiz beharko lukeena. Eta hizki larria, teknologia berriek ezarritako arauan, garraxi egiterakoan erabiltzen den hizki mota bada, hortxe deiadarra. Guztia da ETA. Basagoitiren sindrome bera du, alegia. Dena delakoak beti du sorburu eta beti helmuga erakunde horretan. Popularren buruak (non geratu ote da Iturgaitz, harekin sikiera parre pixka bat egiten genuen tarteka!) eragiten didan amorru bera eragiten dit nire telefonoak, atzera egin eta esaldia berridaztera behartzen nauen aldiro.

Jabea euskaldun petoa izanda ere, segapotoak ez du euskerarik ikasi artean. Eta hori, talde armatuak onik ekarri badu, euskeraren zabaltzea izan denik. Ez dira alperrik harekin lotutakoan zenbait espainiarrek dakizkiten euskerazko hitz bakarrak: talde, zulo, zutabe… Lexikoarekin nahiko ez, eta gramatikarekin ere ausartu dira. Atzizkiekin hasita, ordea, bakarren batek argitu beharko lieke –tarrek toki jatorria adierazten duela, eta –kide erabili beharko luketela. Zuzentzailea haiek ere behar dutela, alegia.

Konponbiderik baduela aipatuko dit bakarren batek: zuzentzailea indargabetu, eta kitto! Baina ez ba… zertan aldatu behar dut nik berez baliagarria edo erabilgarri zaidan tresna bat. Zein puntura arte, alegia, baldintzatu behar du bestearen nahiak nire egunerokoa. Zein puntura arte erabaki ahal du epaile batek nire aisia non eman behar dudan. Polizi txosten batek erabaki du, ordea, zein tokitan edan ahal dudan garagardoa festetan edo zeinetan ez.

Lagun batekin haserretu berri naiz, ez zaidalako batere gustatu bere jokabidea azaltzeko emandako argudioa: txoznetara ez omen da sekulan joaten, bertan euskera ez jakitea delitutzat hartu eta begiratu txarrak atzematen dituelako. Tamalez, euskera baino askoz ere erdera gehiago entzun dut joan den aste honetan Bilboko Areatzan. Argudio ustela iruditu zait beraz, eta ezajkintasunetik bezainbeste duela asmo txarretik. Horrek ikusarazi dit ordea, bertara joan ez denak nekez jakingo duela txoznen eremua berezi egiten duena dekorazioa bera baino gehiago, bertan daudenen asmoa eta nahia dela. Pareteko marrazki batetik haratago beste zerbaitek elkartzen dituela bertara milaka eta milaka festazale. Eta bertan biltzen diren gehienek, seguru naiz, hizki txikiz idazten dute mezua.

Aurtengoak kitto, aurtengoarenak egin du, baina datorren urtean berriz ere  bidean gauaren ilunean galdu den lagunari non gauden esaterakoan, nire segapotoak Mozkotarrak ETA Bizizaleak-en artean gaudela idazten segiko du seguraski. Eta hala ulertu nahi duenak, alkoholzale naizela pentsatuko du. Beste batek berriz, bizizale.. Eta bakarren batek, ez du piperrik ulertuko.

Galderak airean

–         Zergaitia galdetzen badidazu, erantzuna ulertuko ez duzunaren seinale.

las-manos-en-el-aire

Halaxe erantzun dio kazetariari Bruniren ahizpak. Ez dio, noski, Carlaren haurdunaldiaren gainean galdetu. Haren senarrak etorkinen kontra hartutako neurrien ondorioak arintze aldera, ihes egin duten hainbat haurrei lagundu dien amari galdetu dio kazetariak. Famili barruko liskarrak baino, herrialde osoari, eta munduari berari esango nuke, eragiten dion afera duelako film honek ardatz. Frantziako lehen ministroa eta haren koinataren artekoa saldu dugu komunikabideetan, halako istorio xumeak beste helduleku interesgarririk ez duelakoan. Edo Frantziatik datorkigun zinemak salmenta egokirik ez duelakoan. Istorio xumea da bertan eskeintzen zaiguna, bai. Lerro bitan laburtu daitekeena. Baina zeluloidezko ispiluan bistaratzen dena, hori baino arazo luzeagoa da. Duela urte batzuk etorkinen uholdeari aurre egiteko asmoz Sarkozyk indarrean jarritako kaleratze aginduak eskola batean dituen ondorioez ari da. Aktore protagonista eta filmeko zeharkako protagonistaren arteko loturaz haratago, zer pentsa ematen duen lana. Kazetariaren pare, hura ikusita, gu ere zenbait erantzun ulertzen ez ditugula ateratzen garelako aretotik. Edo galderarik egin ere, egiten ez dugulako. Onartu eta kitto. Edo besterik gabe, galderaren erantzunari beldur diogulako. Zalantza guzti horiek, galdera guzti horiek buruan ditugula irteteko bada ere, aurtengo uda kaxkar honetan babesleku egoki izan daiteke “Les main en l´air ( Las manos al aire)” filma eskeintzen duen edozein zinema. Tamalez, ez dira areto asko izango. Horren gaineko galdera, beste baterako.

watch?v=Lno5-dElJlU

Kaiolatik kabira

kaiolabisEz dezala inork izenburuko kakofonian, hitz joku merkerik bilatu. Irainaz haratago, konponbide bila abiatutako bidea izango delako txoritxoa lumatzeko erabiliko dugun tarte hau. Konponbidea behar, behar duelako, begi bistakoa denez. Ukazioak ez du arazo hori larritu baino egiten. Ez ditzala inork, ordea, lerro hauek erasotzat har. Abidideak zehatzak izango dira, baina izenik ezean, pluralean idatzitakoa izango da. Gu. Plural maiestatikoa. Gu guztiok. Izango da denbora arduradunetaz aritzeko, ba bait dute erantzukizunik, noski. Lehengoek eta oraingoek. Izango da tarterik ikusleen axolagabekeriaren ondorioetaz aritzeko, mesede baino kalte egiten bait dio aferari. Baina batez ere, dagokidan neurrian, langileetaz arituko gara hemen batez ere. Erantzuleak kanpoan bilatzen aritu baino, eraikitzaileagoa izango delako hausnarketa autokiritikoa burutzea.

Aurreko batean, euskerazko korteek erderazko katean zuten trataeraren gaineko eztabaida interesgarria abiarazi zuten Sustatun. (http://sustatu.com/1313134517) Susmoa hartuta nago askotan gure buruan etsaia berez dena baino gaiztoago egiten dugula. Arazoa hori bait da: Zein da horrela jokatzeko kriterioa? Kriterio eza, hortxe gakoa. Eta noski, gurasoaren errietaren beldur den semetxoak barrabaskeri gutxiago egingo du beti, eta oraintxe bertan jakin badaki semetxo horrek, euskera behar bezainbeste ez zainduta ere, belarrondokorik ez duela izango. Horren aurrean zer? Errezenera jo? Mingarria egin zitzaidan, mingarria oso, duela gutxi nire herriko euskaldun peto petoa erderaz entzun nuenean Gaur Egun albistegian. Seguru nago lankideak ez ziola galdetu ere euskeraz ba ote zekien, bestela nahiago izango lukeelako, ziur naiz, euskeraz aritu. Bitan galdetu beharrean, erderaz galdetuta, erantzun bat baldin badut, bietan erabili ahalko dudana, zertarako denbora gheiago eman euskerazkoa lortzeko, pentsatuko zuen akaso… Edo besterik gabe, eta horrek kezkatzen nau gehiago, aferari ez zion ez minutu erdirik eskeini, ez buruan itzuli erdirik. Hori da marka!

kaiola

Txoritxoa preso dugu. Kaiolan preso. Guztien artean eraikitako kartzelan. Garai batean koloretsua zen txoritxo hori bera, seriotuta dago look aldaketan kolorea kendu ziotenetik. Okerrena da, kolorea marrazkitik ez ezik, eguneroko jardunetik ere kendu diogula. Triste atzematen da. Faltan botako ditu, seguraski, hegan hasi zeneko garaiak. Baliabide gutxiago, baina gogo eta ilusio gehiago zituenekoa. Argi dago, militantzia hutsa baino bazka gehiago behar duela txoriak haziko bada, baina hura ere behar du. Denbora luzeegia joan da kaiolan sartu genuenetik, eta hegan egiten ere ahaztu zaio dagoeneko gaixoari. Hegaldiari ekiteko, txoriak hegan egin behar duela uste badugu behintzat, bultzadatxoa beharko du. Baina ezin botako dugu amildegitik behera, airera bideratutakoa behar du bultzada horrek. Abiapuntua? Kabia bera, kaiola baino hobe!

Cameronen kafea eta Punseten ogia

Francesca Ariani izeneko gaztea, kafe xixtrin batek egin du ezagun. Ez zuen askorik esperoko egunero modura lanera joan zen hartan. Ez zuen Toscanako neskak berehala pentsatuko Erresuma Batuko lehen ministroa bere kafetegira joango zenik. Ez zuen behintzat harekin lotu kafetxoa eskatu zion gizon apalaren aurpegia. Eurak berak har zezala kafea esan ez zion ba! Londongo istiluekin izango du seguraski Cameronek gertakari harena baina kezka larriagorik. Uda erdiko albiste lehortean berrien gose diren komunibaideek ordea, tarte zabala eskeini diote.

cameron1

Maiz gertatu zait, bi lagunekin elkartu, eta batek besteari esatea: ezagutzen al duzu hau? Harek ezetz. Behin besteak eguraldikoa naizela argituta, barkamena eskatzea: ez dut telebistarik ikusten, eguraldiari ez diot kasu egiten, orain bai, barkatu, baina hasiera batez ez zaitut harekin lotu, barkatu… Barkatu? Barkatu baino zoriontzekoa ez ote den telebistatik at bizitzea! Ditxosozko tramankuluak egoak puztu ez ezik, izarrak sortzen ditu, izar iheskorrak. Eta izarren dizdirak jende asko liluratzen du, itsutu arteraino.

“Redes” saioarekin ezagun egin den Eduard Punset ikusi ahal dugu egunotan Bimbo ogiaren iragarkian. Arrotza egin zait, niri bederen, baina irakurri berri diot aurten iragarki bi egin dituela, horien truke jasotako dirua bere izena duen fundazioari eskeintzeko asmotan. Ulergarriagoa bazait orain, bai, baina ez guztiz.

punset1

Urte pare bat bada, telebistako jefeetako bat etorri zitzaidala esanez esneki marka batek bazuela interesa kolesterolaren kontrako produktua iragartzeko kanpaina bat egiteko, eta aurpegi ezagunen bila hasita, kankailu honetaz akordatu zirela, eta ea ba ote nuen nik kolesterolik. Aurrejuztuak nolakoak diren, halako handikote bat ikusita, kolesterola izango ez du ba! Ba ez.. ez nuela. Ea gezurtxo hori esateko arazorik izango ote nukeen, harek, eta prest egonez gero, pentsatzeko zenbat diru eskatu nahi nuen trukean. Deituko zidala enpresa horretako arduradunen batek. Orduantxe hasi ziren buruhausteak. Egin edo ez egin. Nire burua saldu edo ez saldu. Gezurretan aritu edo tranparik ez egin. Lankidearen amak hartzen zuela eta funtzionatzen ziola. Lasaitu ninduen horrek. Gezurra ez da hainbestekoa izango beraz…  Poltsikua bete, edo patrika hutsarekin jarraitu. Alperrikakoa izan zen, ordea, burujana. Ez zen deirik izan azkenean. Lankide bat ikusi nuen gero kolesterol arazoak nola konpondu azaltzen.

Utikan birusarekin inmunizatuta gaudenaren susmoa dut. Alegia, tipo-jator-xinpatiko-guay honek egiten badu, zuk zergatik ez? Nire zalantzak ditut molde horretako ekimenen eraginkortasunaren gainean. Zalantzan aurrean, argi dut, ordea, bada ez bada ere, euskeraren aldeko bide horretan adibidez bidelagun izango nauela edonork. Salerosketan sartuta, ordea, ba al da ongi hori janda Punset bera bezain jakitun bihurtuko dela uste duenik? Esnekia hartuta Coronadoren arrakasta bera izango duela sinistuta dagoenik? Susmoa dut Cameronek iragarki horietako bat egingo balu, zerbitzariak ezagutu, eta kafea debalde eskeiniko liokeela, telebistaren eragina ez bait da makala. Baina argi dago, joan etorrikoa dela kutxatxo honek berezkoa duen gezurra, eta iragarki garestienak ere ezin izakutatuko duela berez kaxkarra dena. Hobe beraz, inork zerbitzatutakoa baino, norberak hartzea kafea. Bejondeiola beraz Francescari!

Beti geratuko zaigu…. Paris (I)

paris

2010eko abenduak 3. Paris. 20:00

–         Seguru zaude, ama? Hemen ez du inork ezer aipatu… Orain ere nahastuko zenituen albisteak!

–         Baietz ba… Oraintxe esan dute telebistan. Izkutuko greba omen. Kontolatzaileek lanpostua utzi omen dute, eta….

Amak emandako berria lagunarekin partekatzen ari naizela, orduantxe aireportuko pantailatxoan: Bilbora bueltan eraman behar gintuen hegaldia, estatuko beste hegaldi guztien antzera, bertan behera geratu da. Batzuentzat konstituzioarena, besteentzat prostituzioarena eta bakarren batzuentzat amabirjinarena den honetan, gehientsuenak oporretarako asmotan ziren honetan, ni berriz etxera bueltan. Kalendarion gorriz daudenak ez dira norberaren egutegian egun seinalatu bakarrak izaten. Eta nire oporraldia, lanak baino, beste neke batek behartutakoa zen. Maleta egin berri duenari baino, min gutxiago egin behar lioke berez albisteak maleta hori bera oroitzapenez eta bizipenez josita dakarrenari. Oporrik ez didate zapuztu behintzat… edo bai? Estanbul hiriburu dotorea da, eta lagunarekin ere primeran pasa dut. Alde horretatik kexurik ez. Baina badirudi nahita ere, ezin izango diodala abenduaren hirugarreneko madarikazioari izkin egin…

Zuri eta beltz ageri da Paris hoteleko lehioan. Bi estalki ditu hiriak. Elurrarena lehena, eta gauarena bigarrena. Beltzak hartu dio gain zuriari. Dena ilun ageri da, edo dena ilun ikusten dut. Aberats kapritxoso batzuk txantai egin nahi izan digutela eta, plana aldatu behar izan dugu. Lagunak Bilbon egin asmo zuen geldiunea ahaztu, eta Madrilerako hegaldia eskatu du hurrengo egunerako. Nik nireari eutsiko diot, baina horretarako, Parisko beste puntan dagoen aireportu inguruko hotel batera joan behar gaua ematera. Bakarrik. Frantzesez tutik ere ez. Eta furgonetako gidariak ingelesez ere, beste hainbeste. Aire konpainiako andereñoak eman didan papertxoan, hotelarena behar zuen izena, hotel katearena omen. Bospasei ba omen dira kate horretako hotelak hirian. Hortxe gidariaren kezka eta bidaiariaren larria. Ezin jakin non bukatu behar duen gure bideak. Halako egoeretan ez da maisurik egokiena izaten, baina logikari jarraitzea erabakita, kate horrek aireportutik gertuen duenera eraman nazala eskatu diot hala nola urduritzen hasia den emakumeari. Iritsi gara, baina ez da hura konpainiak adostutakoa. Ba nengoen ba ni…  Overlook hotelaren itxura du honek. Edozein bazterretan Nicholson bera agertuko zaidanaren susmoa dut. Hemen ezin geratuko naiz ba…. Edo bai. Berandu da oso. Nekatuta nago. Amorratuta. Taxi bat hartu eta Paris guztia atez ate, hotelez hotel zeharkatzea, ez da gaurkorako nuen plana. Ez dirudi zentzuzkoa. Bidaide kaxkar horrek berriz ere bertan geratzeko aholkatu dit. Buruari kasu egin behar, bihotza ez bait dago aholkurik emateko moduan.

–         Ongi da, emaidazu gela. Hemen geratuko naiz. Berdin zait ordaindu behar badut ere. Hori izango da gutxienekoa….

Logelarako bidean ez da Nicholson agertu, baina nire susmoak ez ziren okerrak. Gau gogorra aurrean dudana… Kortina apartatu, eta lehiotik begira jarri naiz… Perspektibarik ez dago. Laua da dena. Landa malapartatu bat. Zuriaren eta beltzaren arteko muga soilik. Ez dago grisik. Ez dago argirik. Lehiora inguratu behar, beraz, erlojua, ordua ikusiko badut. Abenduaren laugarrena hastera doa. Minutu batzuk baino ez zaizkio geratzen egunari. Atzean utziko dut abenduaren hirugarrena… Edo ez. Nahi, eta ezin.

Futbolari gola

Ez naiz batere futbolzale. Ez dut ulertzen, ez futbolaz, ez futbolak sorarazten duen zurrunbilo guztiaz. Final handien egunetan zinemako bakardadean babesten den arraro horietakoa naiz. Gaur Eguneko kirol tartea iritsi orduko zapping-a egiten dutenetakoa. Gimnasioko aldageletan eguraldiz hitz egiten duenetakoa, asteburuko partiduaren errepasoa iritsitakoan esatekorik ez dudala jakinda. Tabernan zain nagoela Marca esku artean sekulan hartu ez duenetakoa. Eta bai, eskolan, soinketa klasean, taldeka banatzerakoan, azkenera arte inork aukeratu gabe geratzen zen ume baldar horietakoa. Inoiz bateonbatek azterketa egin beharko luke munduan izandako psikopata, ero eta petralen artean, zenbat eta zenbat ez ote diren trebe eta baldarren arteko bereizketa horretan kapitainek azkenera artea aukeratzen ez zituztenekoak. Horregatik behar bada, edo besterik gabe, oraindik ere badudalako belaunaldi berrietan zaharretan baina fede gehiagorik, ikaragarri gustatu zait esku artera iritsi zaidan bideotxo hau. Eta horregatik lan honekin estreinatu nahi dut, toki ospeletik argitara, itzalpetik eguzkitara, eguterara ekartzea merezi dutenen zerrenda. Bejondeiela!

L´equip petit

Luze – motz

Joan den ostirala. 20:00. A-8 rally-bidea hartuta, herrirako bidean. Iristeko irrikan. Nekatuta, merezitako atsedenaren bila. Bederatzi egun gehiegi dira segidan lan egiteko. Gutxi, dio Usabiagak, berak Tourrarekin berrogei eman behar izan dituela eta. Batzuentzat luze dena, besteentzat motz. Zarauzko ordainlekuaren parean hasi eta Arrokora arteko auto ilarak daudela diote irratian. Hamaika bat kilometro. Noski, egutegia datorkit burura: uztailak eta abuztuak bat egiten dutenekoa da asteburu hau. Matrikulen koloreari erreparatu diot. Horiak, zuriak, urdinak… Asfaltoan, kromatismoa, gasolindegiko dendan, aldiz, Babelko dorre txikitxoa. Zeinen ongi ulertzen ditudan momentu horretan nire ingurukoak: Urte luze baten ostean motz egin zaie sorterrian emandako hilabetetxoa badatozenei, eta badoazenei aldiz, nahi baino luzeagoa egingo zaie jaiolekura arteko bidea. Barruan dudan etorkintxoa azaleratu da orduantxe: Bizkaian extraditutako nafarra naiz, edo hobe esan, Nafarroako erdialdetik kanpokaldera, mendebaldera joandako herritarra. Bihotza eta buruaren arteko aldea, ordu t´erdikoa. Ordu luzeetakoa, aldiz, saltzailearekin ulertuezinik dagoenarentzat.

Bertakoa langileak berak eman dit konponbidea: Arroan atera eta kostaldeko errepidea hartuz gero, Zarautzeraino ilararik gabe. Presa handirik ez dut, beranduxeago iritsita ere Arribe hantxe izango da, betiko tokian, Malloen gerizpean, baina ordu luzez ttarra-ttarra orduko 20 kilometrokoa baino abiadura motelagoan ibili beharko dudala jakiteak urduri jartzen nau. Emakumeari kasu egin diot azkenean, eta ez naiz damutu. Uztaila guztian jarri ez dugun giro ederra dugu, eta Kantauri itxasoa harro-harro dabil, guztiak ere begira dituela jakitun. Lehorrekoa naizelako behar bada, baina ño, zeinen gogoko dudan bide hori! Azkar iritsi behar horrekin maizegi galdu dut gozatu hori, eta egia esan, kurbetan eta bide bakarreko errepidean eman nahi ez ditudan minutu horiek berak ere behar ditut gero inoiz amaitzen ez diren autobideko obretan.