Daily Archives: 5 July, 2011

1988ko San Ferminak

pamplona11988ko uztailean bertso jaialdia egin zuten Leaburun. San Ferminak gainean dira eta haiekin batera entzierroak eta zezenak. San Ferminen usaian jarri zituzten bertsolariak lanean. Hiru korrikalari eta hiru zezen aurrez aurre. Lizaso, Lazkaotxiki eta Mañukorta korrikalariak. Peñagarikano, Murua eta Lopategi zezenak.

‘Mintzoaren Arnasa’ saioa, ETB-1en

1995-1999 urte bitartean Xabier Letek egindako “Mintzoaren Arnasa” saioa izango da ikusgai igandetan, ETB-1en, gaueko bederatzietan. 13 ataleko bertso antologia da, abeslari oiartzuarrak berak espreski telebistarako egin zuena.
xabierlete
1995ean, gaixo zegoen garaian, hasi zen ikus-entzunezko proiektu honetan lanean Xabier Lete. Bera arduratu zen bertso aukeraketaz eta horiek musikatzeaz, Karlos Gimenez musikariaren laguntzaz. Gimenezekin batera, Javier Muguruza, Txema Garces, Pascal Gainge, Pello Ramirez eta Andres Bak izan zituen alboan bertso horiek kamera aurrean kantatzerako orduan.

Lehen bi ataletan bertso ereduak jorratu zituen: sasi bertsoak, enkontruak, disputak, bertso filosofokoak, krimen bertsoak, soldaduzka bertsoak, maitasun galduenak… Manuel Lekuonaren Literatura Oral Vasca liburutik hartutakoak. Gainerako 11 aleak bertsolariei eskaini zizkien: Xenpelar, Bilintx, Etxaun / Elisanburu (atal bakarrean), Otaño, Txirrita (2 atal), Baserri, Uztapide, Xalbador (bi atal) eta Lazkao Txiki.

Horra, lehenengo bi saioak, EITB NAHIERAN ataritik:

Mintzoren Arnasa:Ereduak I

Mintzoaren ArnasaEreduak II