Gabonetako Azokak Bermeo hartuko du larunbat honetan

Bermeon Bertoko Produktuen Gabonetako Azoka egingo dute larunbat honetan, 9:00etatik 15:00etara, udal azokan, Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Bertan, gabon giroan, baserri eta itsasoko bertoko sasoiko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek.
Horrez gain, eskaintza berezia izango da, izan ere, sukaldaritza erakustaldiak eta Gabonetako menuen dastatzea, musika, umeen tailerrak eta taloa eta txorizoa jateko aukera egongo da. Era berean, gonbidatu berezi bat ere izango dugu azokan, Olentzerok parte hartuko baitu umeen eskutitzak jasoz.
30 saltoki inguru egongo dira azoka honetan bai merkatu barruan bai kanpoan, eta horietan lehen mailako produktuak eskuratzeko aukera izango dute bertaratutakoek: arrain freskoa, arrain kontserbak, barazkiak, frutak, haragia, gazta, arrautzak, esne freskoa, sagardoa, txakolina, loreak, gaztainak, ogia, patea…
Olentzero ere azokan egongo da 11:00etatik 14:00etara umeen eskutitzak jasotzen, eta umeentzako tailerrak ere egongo dira 11:00etatik 13:00etara.
Sukaldariak eta musika
Gabonetako giroa, eta usaina ere bai, nagusi izango dira bertoko produktuen azoka honetan. Hori lortzeko, sukaldariak egongo dira 12:30etik aurrera. Horrela, 12:30etik 15:00etara Gabonetako menuak dastatu ahal izango dira eta sukaldaritza erakustaldiak egingo dira. Horrez gain, Gabonetako menuak salgai egongo dira.
Gabonetako argiek, apaingarriek eta musikak ere azoka girotuko dute; izan ere, musika eskolako haize taldeak, koroak eta Erroxapen abesbatzak bere abestiekin giro oso polita sortuko dute 11:00etatik 12:30era, azokaren barrualdean.