Bermeok kultura eta artea hartuko ditu larunbat honetan

Fair Saturday ekimenarekin bat egingo du Bermeok lehen aldiz. Hala, azaroaren 26an kulturak eta arteak herriko txoko guztiak hartuko dituzte.
Solidarters Fundazioak bultzatuta, ekimenak mundua artearen eta kulturaren bidez aldatu nahi du. Bermeoko Udalak ekimenarekin bat egin du, kultura egitarau batekin. Herriko elkarte ezberdinek antolatu dute, egitasmo solidarioei laguntzeko.
Egunean zehar bildutako dirua Bermeoko elkarte eta proiektu solidarioetara bideratuko dute: Nire Izarra Rett, Kate Sarea eta Laztana elkartea, esaterako.
Egitaraua
Fair Saturday 12:00etan abiatuko da. Ekimen ezberdinak egingo dituzte 14:00ak arte Kabidxe lokalean eta Alde Zaharrean.
Konkretuki, helduek zein umeek eskulanak, dantza eta karaokeaz gozatu ahal izango dute Kabidxe lokal sozialean, MB2000k antolatuta. Era berean, Ipuin Lapikuek ipuin saio bat antolatu du bertan. Bestalde, Haitz Nagusije elkarteak kultura ibilbide bat antolatu du herriko Alde Zaharrean.
Gainera, 13:00etatik 14:00etara, Alkartasuna Dantza taldeak ‘Dantzaz Blai’ erromeria eskainiko du. 19:00etan, Lamerako kioskoan Txo Sevilla dantza ikuskizuna izango da.
Azkenik, 20:00etatik 01:00etara, Bermeoko Kafe Antzokiak ‘Dantzatu Gurekin’ jaialdia hartuko du. 21:30etik aurrera Mean Machine, The Hammer Killers, Puro Odio eta Cruz de Hierro Sound System musika taldeen kontzertuak izango dira Kapillan, Nuntxaku Kultur elkarteak antolatuta.