XIII. Bermistorian azokak Erdi Aroa ekarriko du urriaren 22an eta 23an
XIII. Bermistorian azoka urriaren 22an eta 23an izango da. Bermeoko alde zaharra Erdi Aroak hartuko du. Giro aparta izango da kaleetan, kalejirekin eta suzko zezenarekin, besteak beste.
Azoka larunbatean eta igandean egingo dute. 50 bat salmenta-postu izango dira kaleetan. Besteak beste, gazta, eztia, hestebeteak, txokolateak, larrua, zilarra, kremak, xaboia, bitxiak, eltzeak, zeramika eta arropak eskainiko dituzte saltzaileek.
Era berean, asteburuan arku-tiroa praktikatzeko aukera izango dute bisitariek. Izaro Abesbatzak emanaldia eskainiko du. Lodosako piper erreak dastatzeko aukera izango da. Bestalde, zeramika eta lore tailerrak egingo dituzte.
Txikienek ere euren tartea izango dute Bermistorian azokan, egurrezko jokoekin alde zaharrean. Azoka larunbat goizean, 10:00etatik 15:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 21:00etara zabalik egongo da. Igandean, aldiz, goizez bakarrik izango da zabalik.
Larunbatean zangaluzeek Bermeoko alde zaharretik kalejira egingo dute, Alde Zaharra Bizirik elkarteak antolatuta. Suzko zezena Irakaskintza kalean izango da, 21:15ean.