Abian da Bermeoko Liburu eta Disko Azoka

Asteburu ederra dugu Bermeon! Eguraldiak hobera egingo duela iragarri dute, eta Liburu eta Disko Azokaz gozatu ahal izango dugu Lameran. Plan polita! Blog honetan kontatuko dizkizuegu xehetasunak. Hamabost erakusle izango ditu martxoaren 20ra bitartean. Euskarazko eta gaztelaniazko liburugintzako eta diskogintzako nobedadeak eta liburu eta disko aukera zabala izango ditu, eta nobedadeek %10eko beherapena izango dute, gainera!
Horrez gain, azokako standetan “Bertso paperak” erakusketa ere izango da ikusgai. Halaber, idazleen presentzia garrantzitsua izango da asteburuetan, Jon Arretxe, Jose Jabier Abasolo eta Miren Palacios idazleak izango baitira liburuak sinatzen, Bermeoko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.
Eskaintza ugaria izango da. Haur eta gazte literatura, helduentzako literatura, sukaldaritza, historia, itsasoa, euskal gaia eta euskal diskogintza dira, besteak beste, azokan azalduko diren gaiak. Irakurzaletasuna bultzatzea, azken eleberriak ezagutzera ematea eta liburua protagonista bilakatzea dira Liburu eta Disko Azokaren helburuak. Adi ordutegiari! Goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 17:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango da.
Ondo pasa!