Itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa, martxoaren 28an
Plan ederra proposatuko dizuegu martxoaren 28an. Izan ere, Bermeoko Arrantzaleen Museoak ‘Itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloa’ hartuko du aurten, Arrain Azokaren baitan. Beraz, zinema gustuko izanez gero, sei proiekzio izango dira ikusgai egun horretan, 11:30ean hasita.
Hona hemen eskainiko dituzten pelikulen zerrenda osoa. Sarrera librea eta doan da.
11:30
Juan José Buenoren ‘Kubako altxor urperatuak’
Jorge Candamen ‘Baso Sorgindu baten itsasoa’
18:30
Rene Heuzey eta Benoit Reevesen ‘Erraldoien gaua’ bideo musikala
José Carlos Randoren ‘Malkoak itsasoan’
Jose A.Valverderen ‘Algodre’
Indonesiako ‘Bali’ filma
Hegaluze Saria
Horrez gain, gogoan izan Hegaluze Saria aurten ere emango dela. Hala, Bermeoren izena zabaldu eta goratu edo herriaren alde lan egin duen ekintza puntual edo jarraipen profesionalen bat goraipatu nahi du antolakuntzak.
Hortaz, azokaren barne emango den XIX. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago maiatzaren 11ra arte. Proposamenak egin nahi dutenek aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute orri batean. Ondoren, hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira (‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali beharko da, edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu.
Irabazlea epaimahai batek aukeratzen du, eta saria maiatzaren 16an, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldia baino lehen emango da Nestor Basterretxea aretoan.
Arrain Azokako kartel lehiaketa
Bestalde, Arrain Azoka Elkarteak 2015eko edizioa iragartzen duen kartelaren lehiaketarako deialdia zabaldu du. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12ra arte luzatuko du.