Bermeok bere iragana gogoratuko du Bermistorianen 10. urteurrenean
Datorren urriaren 18tik 26ra Bermeoren historiarekin hitzordua dugu Bermeotarrok. Gainera, aurtengo edizioa berezia izango da, izan ere, Bermistorianek hamar urte beteko ditu. Hori dela eta, ohiko antzinako azokaz, bisita gidatuez eta ikuskizunez gozatzeaz gainera, suziriak ere izango ditugu urteurrena ospatzeko. Egunotako zer prestatu duten jakin nahi? 🙂
ANTZINAKO AZOKA
Urtero bezala, Bermistorianen barne egiten den antzinako azoka urriaren 18an eta 19an egingo da Bermeoko Alde Zaharrean. Erdi aroko 60 saltoki inguru egongo dira eta gazta, eztia, estebeteak edo txokolatea bezalako produktuak dastatzeko aukera izango dugu, baita bitxiak, narrua, loreal, zilarra, kremak, xaboia, zeramika-lanak eta jantziak erosteko beta ere.
Horiez gain, Astuik adierazi duenez, asteburuan arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, Izaro abesbatzaren kalejira, zeramika tailerrak, loreen tailerrak, oholezko jokoak eta kale animazioak herrian giro polita sortuko dute.
Zapatuan, urriaren 18an, goizeko 10:00etatik 15:00etara eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara, eta domekan, urriaren 19an, 10:00etatik 15:00etara gozatu ahal izango dugu azokarekin.
SUZIRIAK
Urriaren 18an, zapatua, eta Bermistorianen urteurrena ospatzeko, Zaragozana pirotekniaren eskutik, gaueko 22:00etan suziriak ikusteko aukera izango dugu.
BISITA GIDATUAK
Urriaren 18an, zapatuan, 12:00etan, Arrantzaleen museoan ‘Dorre-jauregitik museoa izatera’ euskarazko bisita gidatua egingo da eta urriaren 19an, domekan, ordu berdinean bisita gidatu hau egingo da gaztelaniaz (De torre palacio a museo). Kopuruak mugatuak direnez, bisita gidatu hauetan parte hartu nahi dutenek 94 688 1171 telefonoan eman behar dute izena.
Urriaren 26an, domekan, beste bisita gidatu bat egingo da, gaztelaniaz izango den ‘Un paseo por las casas modernistas, art decó y racionalistas de Bermeo’, hain zuzen ere. Hitzordua 12:30ean izango da Bermeoko Turismo Bulegoan eta gidaria Gorka Pérez de la Peña Oleaga arte historialaria. Kasu honetan ere parte hartzaile kopurua mugatua da eta parte hartu nahi dutenek 94 617 9154 telefono zenbakian izena eman behar dute.
OHAR GARRANTZITSUA!!!
Antzinako azoka dela eta, urriaren 17tik 19ra arte Alde Zaharrean ibilgailuekin ez ibiltzea eskatu dute.