Parte hartu zapatuko ‘Euskaraz gara’ argazki mosaikoan!
Bermeon euskararen aldekoak garela oso argi dugu eta lau haizetara ohiukatu nahi diogu munduari. Horregatik, ekainaren 7an, hurrengo zapatuan, argazki mosaiko bat egingo da, 14:00etan Goiko Plazan. Leloa ‘Euskaraz gara’ izango da. Ekimen honekin datorren ekainaren 14an, Tolosan, ospatuko den Udalerri Euskaldunen Egunerako (UEMA) motorrak berotu nahi ditugu bermeotarrok, euskararen aldeko giroa sortuz.
Hain zuzen ere, Udalerri Euskaldunen Egunak euskararen arnasguneen beharra eta euskaldunen jokamolde aktiboa aldarrikatuko ditu. UEMAk gogoratu duenez, bermeotarren %70etik gorak daki euskaraz eta horregatik, “esan dezakegu, gure udalerria euskararen eta euskaldunon arnasgunea dela”.
Dena den, UEMAk ohartarazi duenez, “azken mapa soziolinguistikoak dio arnasguneak ahuldu egin direla, atzerakada bat jasan dutela udalerri euskaldunenek”.
“Kezka horretaz oharturik, ezinbestekoa iruditzen zaigu arnasguneak sendotzeari begirako lana, eta, horretarako, dauden hutsuneen zergatiei erreparatzea eta hutsuneak dauden eremu horietan eragiteko lanei ekitea”, adierazi du.
Nolanahi ere, bere esanetan, “oztopoak oztopo, harro eta alai adierazi nahi dugu Bermeon euskaraz garela eta, etorkizunean ere horrela izaten jarraitzeko lanean tinko segituko dugula”. “Beste udalerri euskaldunekin elkarlanean egiteko garrantzitsua dugu: euskararen lurgunea trinkotzea, saretzea eta nola ez, hedatzea”, nabarmendu du.