Bermeoko sutearen urteurrena. Nola oroitzen duzu egun hori?
Bariku honetan, apirilaren 11n, urtebe izango da Bermeoko sutea gertatu zenetik. Horren ondorioz, 20 familia etxerik gabe geratu ziren eta oraindik ere, horietariko asko, egoerari buelta eman ezinik daude. Gaur, ordea, jakin dugu gobernuak ez duela hondamendi-gune izendatuko. Bermeoko Alde Zaharreko sutearen urteurrena dela eta, ekitaldi solidario bat egingo da bariku honetan, Bermeoko Kafe Antzokian. Nola oroitzen duzu egun hori? Bizilagun askoren aburuz, gauzak hobetu beharrean okerrera doaz, eta Udalean ere kalte ekonomiko handia eragin du suteak.
Bermeoko sutearen urteurrena. Barikuan, ekitaldi solidarioa Bermeon
Barikuan, apirilaren 11n, Bermeoko Alde Zaharrean gertatutako sutearen urteurrenean, hain zuzen ere, ekitaldi solidario bat egingo da Bermeoko Kafe Antzokian 20:00etan. Bertan, “Bermeo Suten 2013” elkarteak antolatutako zozketa solidarioa egingo da eta honetan Barrueta Arte Elkartearena eta Euskal Akuarelarien elkarteak dohainik emandako artelanak zozkatuko dira. Zozketaren helburua da sutean kaltetutako eraikinak birgaitzera laguntzea. Gainera, Bermeoko suteko argazkiak ikusi ahal izango dira.
Bermeoko udalak eta Bermeo Suten elkarteko kideek herritar guztiak animatzen ditu ekitaldian parte hartzera, guztiok baikara Bermeoko parte, eta bermiotarrok beti erakutsi izan dugulako elkartasuna.
Bermeoko sutea oroituz
2013ko apirilaren 11n, goizaldeko laurak aldera, Bermeoko Alde Zaharrean Bizkaian sekula izan den suterik larriena piztu zen. Sua inor bizi ez zen Nardiz´tar Jon Kaleko eraikin batean hasi zen. Hego haize gogorrak eraginda, ordea, berehala zabaldu zen inguruko eraikinetara.
Bermeoko Alde Zaharreko lau eraikin ebakuatu zituzten, eta hiru suhiltzaile eta bi polizia arin zauritu ziren Bermeoko sutean. 5 eraikin eraitsi eta 70 bermeotar etxerik gabe utzi zituen sute madarikatu hark. Bermeoko suteak eragindako kalteak izugarriak izan ziren, eta horren adibide garbiak dira ondorengo argazkiak:
Argazkiak ikusi eta oilo ipurdia jartzen zaigu berriro. Poliki poliki egoera hobetzen ari bada ere, lanak, oraindik, kasu gehienetan, epe luzerako direla adierazi du gaur bertan Bermeoko alkateak, eta, 20 familia inguru momentu honetan Foru Aldundiaren etxebizitzetan daudela gogorarazi du.
Horiei guztiei besarkada handi handi bat bidali nahi diegu, eta, guk ere, Bermeoko txoko honetatik, ostiral honetan ekitaldi solidarioan parte hartzera animatzen zaituztegu.