Urdaibairen historia apur bat… Kontxako Bandera ekarri aurretik!!
Bai, bai, URDAIBAI!! Hor daude Bermeoko arraunlariak, zein gertu dugun urteko garaipenik handiena, Kontxako Bandera! Bermeoko blog hau beti egoten da Bou Bizkaiaren ondoan, eta, hortaz, uste dugu gaurko testua egitea ezinbestekoa zela. Hona hemen, zuek guztiontzat…
Urdaibai Arraun Elkartearen historia: ba al zenekien…

Argazkia EFErena da, eta joan den igandean atera zuten. Kontxako Bandera gurea izango da!
… Urdaibai kluba 1992an sortu zutela? Gure herriko arraun klubak Elantxobe eta Mundakarekin egin zuen bat, eta hiruren artean Urdaibai sortu zuten. Garai hartan, jakina, ez zegoen oraindik Ligarik; apurka-apurka, gure ontzia Bizkaiko estropadetan hasi zen gailentzen, eta, laster, onenen pare jartzea lortu zuen. 90ko hamarkadaren amaierarako, esate baterako, primeran ibiltzen ginen Kontxan, gertutik ikusten genuen garaipena.
… gure ontziak Bou Bizkaia duela izena? Izen hori bera Gerra Zibileko Matxitxako Batailan parte hartu zuen ontzi batek ere bazuen. Bou izeneko ontziak garaiko Eusko Jaurlaritzaren gudarostean zeuden; ontzi horiek, gehienetan, bakailao-ontziak izanak ziren Gerra hasi aurretik.
… Bermeoko zalegoa urdinez jantzita joaten dela estropadetara? Inoiz ez dugu huts egiten eta beti egoten gara Bou Bizkaiaren arraunlariekin, baina ez nahastu… Gu, beti-beti, urdinez jantzita :-).
…1992tik hona palmares ederra osatzea lortu dugula, eta titulurik handienak eskuratu ditugula? Hori da, begira: ACT Liga (San Miguel Liga) 4 aldiz irabazi dugu (2004an, 2007an, 2008an eta 2010ean); Euskadiko Txapelketa 3 aldiz (azkena, iaz, 2011n); 7 aldiz izan gara Bizkaiko txapeldunak (denak, 1999 eta 2008ren artean). Eta jakina, agian garrantzitsuena: Kontxako Bandera, arrauneko “Olinpiada”, garaikurrik estimatuena, bi urtetan irakazi dugu: 2010ean eta 2011n. Azken biak :-).
… historiako lehen Ligan, 2003an, 8. amaitu ginela, baina hurrengo urtean lortu genuela, dagoeneko, gure lehen titulua? Hauexek dira ACT eta San Miguel Ligan atera ditugun emaitzak: 2203an, zortzigarren; 2004an, txapeldunak; 2005ean, hamargarren; 2006an, zortzigarren; 2007an, txapeldunak; 2008an, txapeldunak berriro; 2009an, seigarren; 2010ean, txapeldunak; 2011n, txapeldunordeak. Aurten, oraingoz, hirugarren gaude, 2 estropadaren faltan.
… ikaragarria izan zela 2011n Kontxan lortutako garaipena eta blog honetan poz-pozik ospatu genuela? Eta gauza bera egingo dugu aste batzuk barru, horretan ez dugu zalantzarik :-). Urdaibai txapeldun!!
Aupa Urdaibai!! Gora Bermeo!!! Agur beroa guztiontzat!! ;-).