Gaztelugatxe: ezagutu bermeotarron altxorra!!!
Bermeotar guztiok ezagutzen dugu Gaztelugatxe: Bizkaia eta Euskal Herriko kostako tokirik ederrenetariko bat, ederrena ez bada!!! 😉 Halere, batzuetan kanpoko batek galdera bat egiten digunean (historiari buruz, ohiturei buruz…) lotsatuta geratzen gara erantzuteko orduan… Noiz eraiki zuten baseliza? Zer esan nahi du ‘Gaztelugatxe’ izenak? Beti gaur bezalako toki lasaia izan al da ? Hori dena jakiteko ikerketatxoa egin dugu … eta gauza polit batzuk topatu ditugu!! Eta bide batez… leku eder honen argazkiak berreskuratzeko aprobetxatu dugu:

Gaztelugatxeko Doniene / San joan. Argazkia: Jose Luis Ajuriaguerra
Ba al zenekien esan nahi duen ‘Gaztelugatxe’ izenak?
Bi hipotesi daude. Lehenaren arabera, izena ‘gaztelu’ eta ‘aitz’ erroez osatua egongo litzateke. Gaztelugatxe arrokaren gainean dagoen gaztelua litzateke, beraz.
Bigarren hipotesiak, ordea, ‘gatxe’ hitza ‘gaitz’ hitzarekin hurbiltzen du (gaitz, gaizto, gaizki…gatxe). Gaztelu gaitza, latza, litzateke ‘gaztelugatxe’ izenaren esanahia. Bertara nekez iristen zirelako?
Zuk baduzu beste hipotesirik?
- Gaztelugatxeko Donienera iristea ez da erraza. Argazkia: Alberto Zorrilla
Ba al zenekien filmak grabatu zirela Gaztelugatxen?
“La Noche de..” (ETB2ko saioa, gazteleraz) gure irlan grabatutako film baten berri eman ziguten: “El casto varón español” espainiarra, 1973 urtekoa. Ikusi al duzue filma?
Ba al zenekien baselizak 10 mende dauzkala?
Kondairak dio tenplarioek sortu zutela X. mendean. 1.000 urtez, hainbat jabe izan zuen. Eraso batzuk ere jasan zituen. XVI. mendean esate baterako, kortsario batzuek baseliza eraso eta bertan bizi zen ermitaua hil egin zuten. 1978. urtean baselizari su eman zioten. Baseliza suntsiturik geratu zen, baina 1980. urtean berritu egin zuten.
Ba al zenekien bertan Bizkaitarrek Gaztelako erregeri aurre egin ziotela?
Kostaldea menperatzeko toki estrategikoa da Gaztelugatxe. XIV. mendean Bizkaiko zaldunek bertan aurre egin zioten Gaztelako Alfonso XIari. Juan Nuñez de Lara Bizkaiko Jaunak eta Juan de Mendoza eta Martin de Arostegi bermeotarrek hilabete oso batez kontra egin zioten eta azkenean, erregeak atzera egin behar izan zuen.

Gaztelugatxeko baseliza. Argazkia: Manuel Marques
Ba al zenekien San Juan bera egon ‘omen’ zela bertan?
Legendak dioenaren arabera, Euskal Herrira iristean, Bermeon jaitsi zen Doniene edo San Joan. Bermeotik Gaztelugatxera hiruzpalau pauso bakarrik (izatez, 231Â eskilara ditu) emanez heldu zen, eta pauso bakoitzaren tokian aztarnak utzi zituen. Azkenekoa Gaztelugatxen ikus daiteke.
Eta hauek bazenekizkiten?
Bermeoko ontziak itsasora irteterakoan, itzuli batzuk egiten dituzte ababor eta istribor arrokaren inguruan, zortea izateko.
Diotenez, santuak ugalkortasun arazoak dituzten emakumeak lagun ditzake.
Batzuen ustez, Donieneren delako aztarnek zenbait gaitz senda ditzakete.
Bukatzeko, topatu dugun bideo ederra eskaini nahi dizuegu, aireetatik filmatutakoa. Eta zuek ba al duzue toki zoragarri horren argazki edo bideorik? Beharbada beste anekdota batzuk ezagutzen dituzue, aipatu ez ditugunak… Horrela bada, dudarik ez! Konta iezazkiguzue blog honetan edota Bermeoko Facebook orrialdean! 🙂